2009-05-29

Permalink 16:02:06, Atalak: Barnetegi txikiak  

BARNETEGI TXIKIA Ekainaren 5etik-7ra BERRIZ-en

Zatoz gurekin asteburu-pasa, euskaraz, ondo pasatzera. Denetatik: mendi-buelta, arraunean ibili, hondartzara, parranda pixka bat... Eman izena euskaltegian ahalik eta azkarren!

----------

2009-04-24

Permalink 17:16:35, Atalak: baietz!  

IKASTARO-TAILERRAK maiatz eta ekainean

"Altzariak zaharberritzeko tailerra" antolatu du Baietz Elkarteak maiatz eta ekainean zehar egiteko. 6 saio izango dira, astrearte arratsaldeetan.

"Bideogintza tailerrean" ere eman dezakezu izena, bideoak egiten lehen  urratsak emateko ikastaroan. 4 saio, arratsaldez.

Matrikula prezioa: 10 euro.

Eman izena maiatzaren 8a baino lehen Aguraingo Euskaltegian.altzariak zaharberritzeko ikastaroa

----------

2008-11-28

Permalink 10:44:56, Atalak: Euskara  

AGURAINGO UDALAK, EUSKARARI BAI?

Azken urteotan euskararen normalizazioa eta erabilera inguruko erabakietan Aguraingo Udalaren jarreraz kezkatuta, euskalgintza arloan lan egiten dugunok gure kezka eta iritzia plazaratzea erabaki dugu, batez ere Udalak hartutako azken erabakiaren berri azaltzeko. Izan ere, Bai Euskarari akordioa bertan behera utzi du Udalak, beste partaide eta eragileen iritzia kontutan hartu gabe.

Urte asko daramatzagu euskararen aldeko lanean eta orain arte emaitza onak lortu ditugu Udalarekin elkarlanean: Udal Ordenantzak, Euskararen erabilera zein euskalduntzea bultzatzeko hitzarmenak eta Udaleko Euskara Teknikariaren kontratazioa, besteak beste.

Azken aldian, ordea, Udalak euskara politikan atzera egin du. Dirulaguntzak murriztu eta euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko borondate eza agertu du. Itxurari garrantzi handia eman izan dio Udalak hizkuntza politikan: hitzarmenak sinatu, ordenantzak onartu... baina kontua horretan geratu da, garapenetan sakondu gabe.

2.002 urtean hainbat sektoretako 78 eragilek, Aguraingo Udalak eta Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa sinatu zuten Udalerrian euskararen normalizazioa bultzatzeko. Hartutako konpromisoak gizarte eragileek bete dituzte, nork bere erritmoan eta gehienetan balorazio ona lortuz. Gauza ugari lortu da elkarlanean: paisaia linguistikoa eta irudi korporatiboa, euskara ikastaroak, sentsibilizazio eta konzientziazio kanpainak... Baina 2.007. urtean Udalak akordio horrekiko jarrera zeharo aldatu eta 2.008ko urrian Aguraingo Udalak proiektua bertan behera uzteko alde bakarreko erabakia hartu du, beste partaideen iritziari muzin eginda. Honen aurrean, Akordioan parte hartzen genuen erakunde eta taldeek erabateko desadostasuna adierazten dugu. Udalari jokaera alda dezan eskatzen diogu, beharrezko baita euskararen normalizazioan aurrera egiteko Bai Euskarari Akordioaren bidean jarraitzea.

Bestalde, duela urte batzuk Aguraingo Udalak euskararen normalizazioaren aldeko Udal Ordenantzak onartu zituen. Lortu beharreko helburuetara heltzeko ekintza planak arautu eta zehaztu ziren. Asko dira lortutako akordioak: gurasoentzako euskalduntze taldeak diruz laguntzea, Euskal Txokoa zabaltzea, euskararen erabilera planak burutzea eta auto-ikaskuntza gela zabaltzea. Programa hauek diruz laguntzeko orduan Udalak atzera egin duela sumatu dugu, baita elkarlanerako borondate falta ere.

Duela 10 urte Aguraingo Udalak, Lautadako beste Udalekin batera, Euskara Teknikari bat kontratatu zuen Udalak onartutako normalizazio planak gauzatzeko. Teknikariaren lanak emaitza oso onak izan ditu. Akordioak koordinatzeaz gain, Udalaren euskalduntze planaz eta hauen jarraipenaz arduratu zen. Lanpostu honek ez du jarraikortasunik izan, urtez urteko kontratuak izan dituelako eta behin baino gehiagotan hilabete batzuetan teknikari honen lanaldia eten egin delako, baita kontratua ere, noski. Honen ondorioz planek ez dute aurrera egin eta Euskara Batzordearen funtzionamenduan trabak izan ditugu. Aguraingo Udalean hau da jarraikortasunik gabeko lanpostu bakarra. Horregatik Udalari eskatzen zaio Udal Euskara Teknikari lanpostua finko egin dezala behingoz.

Soluzioa bilatu eta akordioa lortzeko Udalarekin behin eta berriz bildu ondoren ez dugu erantzun argirik jaso. Udalarekin bildu ginen azken aldian honek Bai Euskarari Akordioa eteteko alde bakarreko erabakia eta arrazoiak adierazi zizkigun, baita hurrengo urtean EBPNa (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) martxan jartzeko asmoa ere. Plan horri Udalarekin batera elkarlanean jarraipena egiteko asmoa daukagu. Hori bai, ezinbesteko zaigu Udalak bere jarrera aldatu eta euskararen normalizazioan benetan bultzatzeko asmoa frogatzea. Plan berri honek baliabideak beharko ditu: dirulaguntzak, giza eta material baliabideak. Honekin batera, erabakiak hartzeko orduan eragile eta partaideen iritzia kontuan izan behar ditu. Aguraingo Udalean gehiengoa duen talde politikoak gauzak hobeto pentsa ditzala eta aurrerantzean euskararen aldeko benetako politika bati ekin diezaiola. Hala izan bedi!

                               

         Agurainen, 2008ko azaroaren 24an

                                

         Aguraingo Euskalgintza.

Aguraingo euskalgintzak zabaldutako blogean sartu eta informazio gehiago ikusi nahi baduzu egin klik honako helbide honetan:

http://www.blogak.com/aguraingoeuskalgintza/agurainen-euskara-denon-artean

----------

2008-06-02

Permalink 11:22:08, Atalak: baietz!  

Ekainaren 15ean denok Bastidara!

Datorren ekainaren 15ean Bastidara, Araba Euskarazera, autobusez joan nahi baduzu, etorri euskaltegira lehenbailehen, txartelik gabe geratu baino lehen.

----------

2008-05-20

Permalink 18:54:23, Atalak: Barnetegi txikiak  

Maiatzaren 9,10 eta 11n BARNETEGI TXIKIA LESAKAN

 

Hona hemen barnetegi txikitik bueltan Aguraingo ikasle batzuek idatzitako kronika:

 

Arratsaldeko zazpietan elkartu ginen euskaltegian. Motxilak, zakuak, kotxeak,... dena prest! Zazpiak eta bost, zazpiak eta hamar eta jendea urduri. Zerbait gertatzen da, norbait falta da. Nor ote? Irakaslea, noski! Hau da hau fundamentua!

Laurdenetan abiatu gara azkenean. Aguraindik Irurtzunera eta Ultzama gurutzatuz Lesakako bidean gara. Jendea pozik. Hamarretan Matxinbeltzenea ostatuan afaltzen ari ginen eta nola ez! Afaldu ostean derrigorrezko buelta herriko ostatuetan. Hurrengo egunean Bortzirietako inguruak ezagutzera joan ginen. Euria ari zuenez, marianito gutxi eta salda asko. Bazkalondoan Zugarramurdira jo genuen kobazuloa eta  Sorginen Museoa ikustera. Izugarria iruditu zitzaigun lezea, baita han egiten zituzten parrandak irudikatzea ere. “Gaur arratsean guk ere akelarrea!” Ilunabarreko 8:30ak aldera heldu ginen Lesakara afaltzera eta ume katalan zaratatsuek bukatu berria zuten afaria. Gure belarriek ederki eskertu zuten! San Jakoboak tokatzen zirela uste genuen, baina aho bete hortz geratu ginen mahai gainean kristoren lasaña paratu zigutenean. Eta jakina,  hainbeste afaldu eta gero gauaz gozatzera atera ginen. Bat-batean herriko plazan gure ume zaratatsu maitagarriak topatu genituen, zarataka, noski! Katalanek ohi duten moduan “Corre-foc” egiten ari ziren. Ikuskizun polita! Momentu batean keak plaza guztia hartu zuen eta aukera hori baliatu genuen handik hanka egin eta ostatuetan galtzen hasteko. Luzea izan zen gaua, bertzerik ez dugu erranen! Goizean goiz altxa, gosaldu, ordaindu eta alde, Senperera lehenbailehen iristeko. Eguraldia lagun izan genuen eta arratsaldera arte ez ginen busti. Eta bitartean: musika, taloak, komuneko ilarak, aspaldiko lagunak, katxiak,... egun ederra pasa genuen!

Datorren hilabetean nora? Pirinioetara!

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Baietz!

Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu nahi ditugu "Baietz Agurainen Euskarari" elkarteak sortutako blog honen bidez.

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution