Alfabetizazioa eta hezkuntza pertsona guztientzat

2008-05-09

ALBOAN GKEko Mikel Lizarraga eta Eider Errazti izan genituen Euskaltegian, maitzaren 7an, Alfabetizazioa eta hezkuntza pertsona guztientzat lemapean hitzaldia ematera. Urtero egiten den kanpaina da, baina, urterik urte, hezkuntzaren alderdi bati begiratzen diote besteei baino zorrotzago, eta aurten KALITATEZKO HEZKUNTZA hartu dute xedetzat.

Hizlarien ustez, hezkuntza izate hutsa ez da nahikoa; kalitatea da hezkuntzaren oinarrizko elementua; zer esanik, aldez edo moldez, marjinaturik dauden pertsona eta kolektiboentzat. Afrikak irakasten diharduen irakasle askok dio ez dutela gida-liburu eta bestelako mterialik. Beste toki batzuetan, eskolak (eraikinak) oso egoera txarrean daude, eta horrek ere gogor oztopatzen du kalitatea; gainera, ikasgela bakoitzean haur gehiegi dago. Edateko urik ez izateak eta saneamendu aldetik arazoak izateak ere jaisten du hezkuntzaren kalitatea, batez ere neskentzat.

Herrialde guztiek daukate hezkuntzaren kalitatea hobetzeko premia, eta ez dago horretarako estrategia aproposik.

Honako hauek lirateke kalitatezko hezkuntzaren adierazleetako batzuk:

  • ikastetxean osasuna eta segurtasuna zaintzea.
  • bederatzi urteko eskolaldia eta behar adina ikastordu izatea, kontuan harturik bakoitzaren errealitatea, ama-hizkuntza eta kultur testuingurua, horretan lagunduko duen material didaktikoa.
  • irakasle trebatuak, motibatuak eta ordainduak izatea.
  • pedagogia eraginkorra.
  • azpiegitura egokiak.

 1999an sortu zen kanpaina

Geroztik lanean ari da, nazioarteko foroetan bilkurak, akordioak eta hitzarmenak bultzatzen. Hemen saltotxo bat egingo dugu, iaz ere, adibidez, Dakarreko hitzarmenez (2000koa) mintzatu baikinen. Guztiarekin ere, azpimarratu nahi genuke puntu bat: bilkura horretan, elkartu ziren nazioek hartu zuten konpromisoa bakoitzak bere herrialdeko analisia egin eta neurriak hartzeko. Baina bada konpromiso orokor interesgarri bat ere, hau da, haur-hezkuntza izan dadila unibertsala, eta haur guztiek izan dezatela eskubidea 6 urtetik 12ra bitarte hezkuntza aratuan jarduteko.

 

Kalitatezko hezkuntzaren inguruan badira beste adierazle batzuk ere, nahiz eta lehen aipatu ditugunak baino askoz ere orokorragoak diren, hauek dira:

 

  • Lehen esan dugun bezala, haur-hezkuntza unibertsala izatea, eta, unibertsala izateaz batera, hobetzea.
  • Derrigorrezkoa eta kalitatezkoa izatea.
  • Bizitza aktiborako prestatzea.
  • Pertsona inplikatuak izatea, gero gizartean garapenaren alde.
  • Alfabetatuen %50 igotzea. (871 milioi daude alfabenatu gabe, batez ere emakumezkoak).
  • Genero-berdintasuna.

 

Laburbiltzeko esan dezagun, UNESCOrekin batera, kalitatezko hezkuntza da giza eskubide guztiak aintzar hartzen dituena, eta lau oinarri ditu: ezagutzen ikasi, egin, elkarrekin bizi eta izan.

Beste helburu bat da mundu jasangarri baten alde egitea. Horretarako behar dugu ideia konkretu batzuk defenditzen dituena, ezaugarri hauek izango dituena: mundu zuzena, baketsua, ingurumena zaindu.

UNESCOren ustez, kalitatezko hezkuntza da tokian tokiko errealitateari eta kulturari lotzen zaiona; bai oraina eta bai geroa aintzar hartzen dituena, eta jarrera eta balore positiboak bultzatuko dituena.

Azkenik, kalitatea neurtu egin behar da.

Amaitzeko, esan dezagun kalitatezko hezkuntzak honakoak ere izan behar dituela:

  • Goiztiarra
  • Bazterketarik sortuko ez duena (jakintzak hori gainditzen laguntzen du)
  • Herrialde bakoitzaren beharretara zuzendua; adibidez, lanbide heziketa bultzatu.
  • Elkarbizitza indartuko duena.

Kalitatearekin lotuta dago baita irakaslearen formazioa, eta formazio gutxiko jendea ari da askotan, eta oso gutxi kobratuta. Esate baterako, Saharatik behera 1.600.000 irakasle beharko lirateke, helburuak betetzeko.


Hezkuntzaren marjinazioa badago, honako sektore hauetan nabaritzen da gehien:

  • Elbarriak,
  • Generoa,
  • Gatazkak,
  • Pobrezia
  • Egoera geografikoa
  • Gutxiengo etnikoa
  • Urruntasuna..

Kalitatezko eskolak harremana behar du inguruko agente guztiekin, ez dezake aurrera egin isolaturik.

 

HEZKUNTZAREN ALDEKO MUNDUKO KANPAINA
APIRILAREN 21etik 27ra

Hezkuntzaren Aldeko Munduko ekintza-Astean, mundu osoko milioika pertsona mobilizatu dira, guztiok izan dezagun kalitatezko hezkuntza, eta inor baztertua gera ez dadin..

 

Zein da gure proposamena?

JARRI ZURE PIEZA, GUZTIAK DIRA BEHARREZKOAK !!!

Uraren arazoa munduan

2008-04-28

Nagore Gorostizaren tailerra

 

UNICEF  erakundeko Nagore Gorostiza izan genuen Euskaltegian joan apirilaren 23an, Liburuaren Egunean. Baina ez liburuaren gainean hitz egiteko, baizik eta munduan uraren egoera zer-nolakoa den azaltzeko.


“Ura badago”, baieztatuz ekin zion saioari, eta hori, hasteko, pozgarria da; izan ere, konponbidea aurkitzeko lehenengo baldintza horixe baita, ura egotea. Besterik, ura nola erabiltzen dugu, eta horrek sortzen dituen arazoak. Eta harrigarria da urak horrenbesteko buruko minak sortzea, jakinik planeta urdinaren hiru laurdenak urez osaturik daudela. Beraz, guztiontzako adina ur badago, baina, hala eta guztiz ere, 1.100 milioi pertsonak ez dauka edateko urik, hau da, kutsatu gabeko urik.

 

Urik gabe ez dago bizitza osasuntsurik: gizakiok, batez beste, eguneko 20 l ur behar ditugu, oinarrizko beharrak asetzeko. Edateko urik ez izateak osasun arazo larriak dakartza. Mundu Bankuaren datuen arabera, 900 milioi pertsonak dituzte ur ezagatik sorturiko gaixotasunak; eta urterik urte 2 milioi pertsona hiltzen da. Hegoaldeko haurrak eta adinekoak dira afektatuenak.

Kontsumoa

Uraren kontsumoa asko aldatzen da batzuengandik besteengana. Adibidez,  guk  afrikar batek baino bost aldiz gehiago kontsumitzen dugu, hau da, 150 l. egun eta pertsonako. 1.200 urtegi ditugu, ura batu eta gordetzeko, munduan hirugarren postuan gaude.

Ura eta emakumeak Afrikan

Afrikan ura oso urrun dago bizi diren tokietatik. Umeek, eta umeen artean neskatoek, arduratu behar izaten dute ura garraiatzeaz. Egurra garraiatzeaz ere bai, baina, batez ere, ura. Horrek ondorio aski larriak ditu: neskato horiek ez dira eskolara joango, ez dute lortuko lan duinik, eta pobreziaren gurpil zoroan mugituko dira. Egunen batean familiarik izaten badute, oinordekoak ere kondenaturik daude pobrezian jarraitzera.

Begiak itxi eta une batez pentsatuko bagenu, mundu zabalean milaka pertsonak zenbat kilometro egin behar izaten duen uraren peskisan; guk, berriz, kanila irekitzea aski nahi adina ur eskueran izateko. Badira tokiak, errfuxiatu zelaietan adibidez, milaka pertsonarentzat iturri bat baino ez dagoena.


Etxean zer egin dezakegu, ura aurrezteko?

Iturria itxia egin harrikoa; xaboia emateko ontzi bat erabili eta, xaboia kentzeko, beste bat.

Baxera ez utzi luzaro garbitu gabe; horrela gehiago kostatzen baita. Jan eta berehala garbitu platerak.

Hortzak garbitzean edo bizarra egitean, iturri itxi.

Ez utzi iturrik tantak erortzen.

Ur berotu bitartean ateratzen den ur hotza jaso, gero beste zerbaitetan erabiltzeko.

Bainatu ordez dutxatu.

Eztabaida

Tailerra egin ostean, eztabaida sortu da. Honako hauek dira emandako arrazoi nagusiak:

Afrikan ere badago nahiko ura; arazoa da ondo kudeatzeko azpiegitura egokiak sortzea.

Hemen kontsumitzen den urak ez du han eraginik.

Dena den, ezinbestekoa da hemen ere ura arrazionalki kontsumitzea. Horrek ez luke Afrikako arazorik konponduko, baina bai hemen bertakoa, adibidez horrenbeste urtegi berri egin beharra saihestu.

Batzuen ustez, uraren inguruan beldurra sortzen ere badabil jendea, tartean interes ekonomikoak daudelako. Bi eratarakoak, gainera: batetik, ura enboteilatu eta saldu nahi dutenak, eta, bestetik, hemendik aurrera ura oso garesti ordaindu beharko dugula mentalizatu nahi gaituztenak.

Azkenik, pertsona batek esan du ea ze kalte egiten den ur garbia ibaira botata; bere ustez, hain zuzen, ibaiak ur garbia behar du, eta ez inon diren zikinkeriekin nahastua.

 


 

Bukatzeko, bidezko merkataritzako produktu batzuk ekarri zizkigun, ezagutu eta dastatzeko.

Lontxo Rojo: bizikletaz lau kontinentetik barrena

2008-02-22

Diapositiben emanaldia: 2008ko otsailaren 20an.

Arabatik etorri zitzaigun Lontxo Rojo berak egindako bidaiaren berri ematera. 1997aren erdi aldera irten eta 2003. urtearen amaieran itzuli zen etxera, lau kontinentetan ibili ondoren: Amerika, Ozeania, Asia eta Europa. Estatu Batuetako Seattle-tik atera eta Frantzian amaitu.

 

Amerikan: Estatu Batuak, Mexiko, Kuba, Guatemala, Nikaragua, Kosta Rica, Panama, Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia, Argentina, Brasil, Uruguai eta Argentina.

 

Ozeanian: Zelanda Berria eta Australia.

 

Asian: Indonesia, Malasia, Tailandia, Kanboya, Laos, Txina, Tibet, Nepal, India, Pakistan, Iran eta Turkia,

 

Europan: Bulgaria, Errumania, Hungaria, Austria, Alemania, Suitza eta Frantzia.




Munduari itzulia sei urte eta erdian

Ez da marka handia horrela esanda edo hor amaituta. Baina bizikletaz egin duela esanez gero, dezente aldatzen da kontua. Horixe da Arabako Arbulun bizi den Lorentxo Rojoren abentura. 1997aren erdi aldera irten eta 2003 urtearen amaieran itzuli zen etxera, lau kontinentetan ibili ondoren: Amerikan, Ozeania, Asia eta Europa. Estatu Batuetako Seattle-tik atera eta Frantzian amaitu.

Nahiz eta tarteka lagun berriak topatu, bizikleta zen, esan bezala, eguneroko adiskide mina bidaia osoan zehar. Haren gainean garraiatu zituen ekipajea eta anoiak, eta biziketak eta biak eraman behar zuten zama osoa, batak eutsi eta besteak eragin, euren pisua barne, bizikleta eta Lontxorena alegia.

Hor ekingo dio Oregondik San Franziskora eta handik Las Vegas aldera, lehenego gaua baso zabalean akanpaturik igarotzeko. Ingelesez tutik jakin gabe egin zuen piloto bat lagun, eta haren hegazkin txikian egin zuen lehenengo txangoa. AmerikarreN politika ez zaio gustatzen, baina aitortzen han ere badela jende jatorra.

Mexikora sartu zenean, gauzak asko aldatu zitzaizkion: han espainolez egiten baita, nahiz eta badiren beste hizkuntza batzuk ere. Mugan honako irakur daiteke: “Prohibidas armas y municiones”. Bada monumentu bat Espainiako konkistatzaileen sinbolo dena eta, bide batez, han hasi omen zen Latinoamerikaren sorrera. Diapositibetan, nola ez, maiatarren kulturak utzitako arrastoak erakutsi zizkigun, eta badira harritzeko moduko lanak, kontakizun honetan aipatzea ezinezkoa bada ere. Oraindik ere bizirik dirau neurri batean kultura maiak. Chiapas entzutetsuko irudiak ere ikusi genituen.  

Gero Kubara joan beharra zegoen. Hango patriotismoa harrigarria da. Handik Guatemalara eraman gintuen, eta Guatemalatik Nikaraguara. Horko bizimoduaz ez zigun azaldu guk ez dakigunik, paisaje zoragarria ez baldin bada. Bagenekien haur langileak edozein momentutan azalduko zirela, adibidez zapata-garbitzaileak. Eta Ertameriako aldia amaitzeko Kosta Rikara joan ginen.

Hego Amerikan, Colonbiatik ekin genion. Zehatz esanda, Mompos hiritik, Magdalena ibaiaren ondoan. Betiko paradoxarekin egin genuen topo: Latinoamerika aberatsa da, jendea pobre bizi bada ere. Kolonizazioaren garaiko hiria da Mompos, beraz badira eliza eta eraikuntza ikusgarriak. Bereziki irudi batek hunkitu ninduen: emakume bat arto egosia saltzen errepidean. Kolonbiarrek batu, alabaina, borrokarako kultura ere, eta hantxe irakurri genuen: “¿Y el derecho al trabajo qué?”. Paraje dotereak ikusten ziren; dotoreak, politak eta menditsuak.

Ekuadorren Cuenca hirian gelditu ginen. Handik Perura. Han Holandar batzuen lagun egin zen arabarra. Erakutsi zigun zer bazkaldu zuten ere: arto egosia, tomatea, arrain berezi bat, yuca eta boniato. Kostalde desertikoa du Peruk eta kontraste handikoa: desertua eta itsaso ageri dira aurrez aurre, joan ahala joan bidean. Bada edari bitxi bat: Inca Kola du izena; kolore berdexkadun freskagarria da. Berehalaxe har daiteke 4.700 m-ko altura (Andeetan).

Ez dago itzultzerik Titikaka lakua bisitatu gabe. Han dago beti bezain maiestatiko, Peru eta Boliviaren artean. Boliviako Txikitania lurraldean gaude orain. Hemen izugarria da Che Guevarak utzitako arrastoa. Nonahi ikus daitezke haren posterrak. Bada toki bat La Higuera de Che Guevara deritzona. Hantxe hartu preso, 1967 urtean, eta hantxe bertan hil zuten. Eta zer esan Potosi mendiari nahiz Potosi hiriari buruz? Biak dira ospetsuak. Mendi osoa zilarrezkoa omen zen. Makina bat indigena hil omen zen handik zilarra ateratzen. Gero, ordea, hango zilarrik gehienak Europara aldera etorri ziren, barkuetan sarturik. Han gelditu zirenekin, berriz, elizak kaleak apaintzeko erabili zituzten. Esaten dutenez, zaldien ferrak ere zilarrezkoak ziren. Hori da “El cerro rico”ren historia. Goi ordokia edo lautada polita baino pobrea da. Han ez genuke erraz etsiko, eta bizimodua aterako ere. Badira argirik eta urik gabeko tokiak oraindik, eta horixe errebindikatzen dute. Beste gauza gauza bat harrigarria da sekulako gatzaga. Edozer dago han gatzez egia, hormak, oheak…

Iritsi gara Argentinara Argentinan ez zitekeen falta “Plaza de Mayoko ama eta amonen argazkirik, beste gauza askoren artean. Argentina handia bada, Brasil ez eskasagoa. Han ere paraje zoragarriak: 150 km-ko hondartza, ur-jauziak, baina, zoritxarrez, pobreziarekin nahasi. Estepa galanta ere ikusi dugu, artaldez gainezka.

Uruguaiko Montevideo hiriburuan gaude orain. Grazia egin didate: denak matea hartzen. Eta jo dezagun Akonkaguara, handik, “El paso de los libertadores”en barrena Txilera joateko.

Ez nuen uste Santiago de Chilen hainbeste kutsadura nabaritzerik. Valparaiso ere azaldu zaigu. Anekdota txiki bat: ez zuen ipintzen stop baizik eta pare. Sumendien indarra ere gogor nabari. Maputxe etniaren aztarna batzuk ere ikusi ahal izan ditugu. Ondoren, Patagonia berdera joan gara. A zer basoak eta ibaiak! Eta glaziarrak? Oker ez banago, “Perito Moreno” deritza batek eta besteak Grey. Paine dorrea ere Txilen kokatu du.

Honenbestez amaituko dugu ibilaldiaren lehen zatia.

Kontinentez aldatzera goaz. Zelanda Berrian sartuko gara. Hain zuzen, Lontxo ingelezez ikasten hasi zen herrialdea, eta baita kiwi sailetan lanean aritu zena ere, diru apur bat eskuratze aldera.

Orain Australiara goaz. Erdi aldeko basamortua bisitatuko dugu lehenik. Gauza batek eman zidan atentzioa: haiek kamioi tzarrak ikusten ziren. Gure bidaiariak esan zigunez, sekulako errepidea dago basamortuan zehar, bihurgunerik gabea eta hor lasai ibil daitezke hain kamioi luzeak.

Indonesiaren txanda da orain. Indonesia, dakizuenez, ehundaka irlaz osatua dago. Sumatra da entzutetsuena. Hara doanak, Lorentxok esan bezala, oso teilatu berezidun etxeekin egingo du topo. Arroza nola erein eta non hazten ikusi nahi duenak aukera ona du. Baita tenplu budistak ikusteko, nahiz eta orain dela 10 bat gizaldira arte lurralde musulmana zen.

Malasiaren orena da orain. Hango irudi bikainak ikusi genituen segidan. Han bai daudela zantzu musulman garbiak, meskitak tartean direla. Baina bada gurean asko ikusten diren “eliza” klasea ere: zentro komertzial handia. Azukre kainabera ugariko tokia da. Hari ateratzen dioten zukua saltzen dute, errepide ertzean jarrita.

Tailandian gaude orain. Uste dut askoz ere ezaguna dela izen hori denontzat. Budismoak indar du. Monasterio ugari ikusiko ditugu, eta, bestetik, ez dirudi hemen adinako bokazio faltarik dagoenik, monje gazteak ere ez baitira gutxi. Gainera, Lorentxok esan zigunez, han gizonezko guztiek igarotzen dute bizitzan zehar aldiren bat monasterioan.

Bagoaz Kanboia aldera. Han ere irudi ederrak ikusi genituen, seguruenik hango bizimoduarekin kontraste handia egiten zutenak. Angkorreko tenplu ikusgarriak ere han daude, duela 10 mende Jemer zibilizazioak sortuak.

Txina.- Txinan ez genituen ikusi Pekin bezalako hiri handiak. Lontxok nahiago izan zuen beste errealitate bat erakutsi: nekazari-lurraldea. Han ari ziren lurra lantzen, eta, nire ustez, aski modu apalean. Estanpa gisa oso polita da turistentzat, bizimodu gogorra iritzi nion.

Arabako txirrindulariak ez zeukan Tibet ahazteko. Tibet Himalaiako mendi-kate handiarekin lotzen dugu beti. Baina bada beste errealitaterik ere. Esate baterako, Txinaren mende dago Tibet. Hango buruzagi erlijiosoa erbestean bizi da exiliaturik. Tibetetko goi ordokia ederra da, baina zaila ere bizitzeko. Jakin-min handiko jendea da; hala zirudien, behintzat: turistarik sumatuz gero, berehala elkartzen dira haren ondora. 4.700 m-ko altura lanean ari ziren neska nekazariak ikusi genituen. Esan dugu Txinaren mende dagoela, eta hemengo kultura suntsitzearren kolonia-sistema ezartzen ari da. Alde horretatik, errepresioa dago.

Nepal.- Harritu nintzen ikusirik, Nepala iristeko, jaitsi egin behar zela. 1.700 metrotan gaude orain. Lontxok eta nik esan gabe ere badakizue hura dela munduko mendi handietarako sarrerako atea. Herri txikia da, mendi handien oinean. Pentsatu izan dugu mendi handietarako joateko bidea baino ez dela; badago, ordea, bertan trekinak egiteko modua. Oso ondo prestatua dago horretarako.Tenplu hinduistak ikusiko dituzu hemen. Bai hinduistak dira nepaldarrak, nahiz eta esaten duten Buda hantxe jaio zela. Badira horren seinaleak, adibidez Budaren irudia bere otoitz-lekuarekin.

Indian geratu behar dugu oraingoz, Ganges ibaiarekin aurrez aurre; non bestela? Nork ez daki Indian etnia asko daudela. Horietako garrantzisueneta bat Sikhs etnia da, urrezko tenpluen jabe direnak. Munduko edozein lekutan egongo dira bazterrak eta muturrak bizimoduari dagokionez, hau da, oso aberatsak eta oso pobreak, bada Indian ere hori nabarmena da. Haiek dira elizak haiek! . Bien bitartean, jende asko kalean ahoan sartzeko deus ez duela.

Bagatoz itzulian: Pakistandik Irana, trenez eta autobusez. Ikusgarriak dira Iraneko desertuko argazkiak ere. Iraniarrak abegikorrak dira. Hantxe pasatu zituen gure ziklistak bi egun gonbidatu. Zerbait azpimarratzekotan, Hispajan (horrela al da?) azpimarratuko nuke. Ipuinetako hiria dirudi.

Berehala gara etxean, Turkian baikaude. Han Realaz mintzatzen zitzaion jendea, Lontxo batere futbolzalea ez den arren. Izan ere, garai hartan Nihat famatua Realean ari zen. Ez zioten beste enkargurik eman: bidal ziezaizkiela Realarek elastiku batzuk, sinadura eta guzti. Lontxok zintzo konplitu zuen promesa.

Sei urte eta erdiren buruan Europan zegoen berriro: Estanbul, Bulgaria, Errumania, Hungria (Budapest, Danubio), Alemaniatik (Bavaria), Suizatik jiran Frantziara. Han bizikleta utzi eta Arbulura. Zazpi hilabetez bakarrik egon zen bere herrian, berriro bidaiari ekin zion, oraingoan Afrika aldera. Lau urterako atera zen. Handik ere ekarri bide du argazki ederrik, baina horiek beste batean ikusiko ditugu.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

kanpoekintza

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution